Onintza Enbeita

Inbasioa

2026ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pentsatzen genuen ezetz. Nik behintzat neure buruari esaten nion ez zutela egingo. Mehatxu egingo zutela aldiro, baina ez zutela Venezuela inbadituko. Egin egin dute, ordea. Eta gero munduari bakea eta demokrazia eramatera joan direla esan. Eta munduan jende askok sinistu egin die. Izugarria da. Aurrekari gogorra da Venezuelakoa: edozein herrialdek beste edozein inbaditu dezake, munduko komunikabide gehienen onespenez. Trumpi barre egiten genion zoroa zelako, baina haren zorakeriaren ondorioak etsigarriak dira. Ez gaitzatela engaina. Ez da narkotrafikoa, ez da diktadura, ez da bakea, ez da demokrazia, ez da gosea: interes bakarra petrolioa da. Historiak esan digu AEBak bakea eramatera joan diren herrialde guztiak gorpuz bete direla: Vietnam, Irak, Kuwait, Korea... ez dute inoiz, inon, jende xehearen bizitzarik babestu ez hobetu.

Horregatik egiten dute min Venezuelako kolonizazioaren hasiera ospatzen ari diren venezuelarrek. Zer ote da norbere pribilegioak ez galdu nahi izatea, norbera materialki aberatsa izateko herri oso baten sufrimenduaren ardurarik ez izatea... kontua ez da ea Maduro zenbat maite edo gorroto dugun: kontua da inongo lotsarik gabe inbaditu dutela herrialde bat bertako petrolioa ustiatu nahi dutelako. Aspaldi utzi nion Jainkoarengan sinisteari, baina norbaitek anparatu beharko gaitu psikopatia orokortu honetatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.