Euskara modu ludikoan irakasteaz-eta entzuten dut jendea, eta sutu egiten naiz. Galdetu gure gurasoen belaunaldiari ea gaztelania modu ludikoan irakatsi zieten. Haien errelatoak ileak puntan jarri dizkigu behin baino gehiagotan: erregela kolpeek eta belaunikatutako orduek markatu zuten kristauen hizkuntzaren ikasketa. Ez dut nik gauza bera egin nahi, jakina. Gure hizkuntza, hizkuntza den heinean, beste hizkuntza guztiei eskaintzen zaien errespetuarekin trata dezaten baino ez dut eskatzen. Hizkuntzak irakasteko pedagogia asko daude, eta horiek balio diete euskarari ere. Ez dugu besteak baino dibertigarriagoak edo errazagoak izan behar. Euskara ez dela inposatu behar esaten digute, eta ez dira ohartzen bere horretan oximorona dela esaten dutena. Inork ez luke Londresen ingelesa inposatu diotela esango. Zergatik esaten digute hori guri? Gure herrian gure hizkuntza erabiltzea ez da ezeren inposaketa. Aitzitik, inposatzea da erdaldun elebakarrek egiten digutena: 40 euskaldun dauden lekuan erdaldun bakarrak badira ere, gaztelaniaz esplikatzeko exijitu. Gure birramamak nahikoa argi zeukan: «Euskerea edukazinoak hondatuko dau!», esaten ei zuen. Eta gu hemen jendeari inposatzea zer den esplikatzen, burua zapaltzen diguten bitartean. Hankak eta eskuak katez lotuta, baina gure hizkuntza erabiltzeko modu jostagarriak eskatzen.
Inposaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu