Ez dakit zenbat aldiz irudikatu nuen nire buruan iraila. Banekien abuztua zein kargatuta zetorren, eta iraileko lehen egunetarako plan handiak nituen. Jakina, plan horiek ondo ateratzeko, beharrezkoa zen abuztuko azken egunetan ere beste gauza batzuk egitea. Etorri da iraila: planik ez dut bete. Ez erabat behintzat. Orain alferrik da egin beharko nukeena zer zen pentsatzea: errutina hemen dago, bizitza erreala lehengo lekuan dago. Neu naiz lekura etortzea kostatzen ari zaiona. Pentsatzen dut askotan gertatu zaidala gauza bera: irailean, urtarrilean edo jende gehienak promes betegaitzak egiten dituen garai horietan neu ere saiatzen naizela neure buruari bete ezin dituen gauzak eskatzen. Denborak harrapatu egiten gaitu ez diegulako gauzei lekurik egiten. Gauza eder bat pasatzen bazaigu egun batean, ez dugu hurrengo egun bietan lasai egon nahi; ez dugu aho zapore hori mantendu nahi. Beste gauza bat nahi dugu, handiagoa ahal bada; eta beti ezin da. Orduan, monotoniak harrapatzen gaituenean konturatzen gara zein gauza ederrak gertatu zaizkigun errutina desagertu denean, eta zein gutxi gozatu ditugun.
Aurten erresaka luzea daukat: iraila gainetik pasatuko zait. Nire buruan irudikatu nituen irail horietako bat bera ere ez da gertatzen ari. Horrek ez du esan nahi gertatzen ari dena pentsatu nituenak baino okerragoa denik.