Onintza Enbeita

Itxierak

2026ko otsailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gustatuko litzaidake liburu dendak ez ixtea. Gustatuko litzaidake itxi zituztenetan berriz ere liburuak ikustea. Ez da bakarrik jendeak ez duela irakurtzen. Lehen ere batzuek irakurtzen zuten asko, askok gutxi, eta beste askok ezer ez. Kontua da ikasi dugula Internetera sartu eta nahi ditugun liburuak goizean eskatu eta gauean jasotzen. Konfiantzazko liburutegiek hurrengo egunerako lortzen dizkigute libururik gehienak, baina hori ere berandu iruditzen zaigu honezkero. Eta igandean sortzen bazaigu liburuaren apeta, igandean bertan eskatu dezakegu eta ez dugu astelehenera arte itxaron behar. Erosketa ohiturak aldatu egin dira eta liburu dendak ateak ixten ari dira. Ez dira proiektu erakargarria. Handienek irauten dute, baina haiek ere, egitura handiak dituztelako atzean, bestela batek jakin.

Gustatuko litzaidake liburu dendak ez ixtea, eta auzo guztietan janaria erosteko denda txikiak izatea. Gustatuko litzaidake garai batean bezalako elkarrizketak izatea dendariekin, besterik ez bada eguraldiaz. Gustatuko litzaidake arropa probatu gabe ez erostea joera nagusia izatea. Gustatuko litzaidake jendeak ulertzea Interneten erabiltzen dituen banaketa enpresa handiek zenbat suntsitzen duten. Notiziek diote, ordea, niri gustatuko litzaidakeena ez dela inportantea: Donostian beste liburu denda bat itxiko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA