Despistatuta harrapatu nau irailak. Atzo, jaiki nintzenean, abuztuan bizi nintzen, baina 09:30erako dozena erdi bat lagunek esan zidaten abuztua amaitu egin zela bezperan. Iraila hitzak oihartzun egiten zidan buruan, eta gaur ere ez zaizkit letrok asentatu oraindik. Azkar pasatu da uda. Oraindik ez da erabat joan, egia esan, baina, behin umeak eskolara bidalita, udazken usaina hartzen dute gure bizitzek. Urtaroak gure buruan daude. Aste honetan bero itzela egingo du, baina ez da ezer gertatuko poltsan jertsetxo bat eramaten badugu. Iluntzean fresko egiten du. Eta benetan egiten ez badu, berdin dio: iraila da.
Umeak eskolara itzuliko dira txiri-txiri, gurasoak lanera, aitona-amonak eurenak ez diren umeak zaintzera, udaletako arreta zerbitzura pertsonak itzuli dira, autoak errepidera, langileak fitxatzera, uztail amaieran erdizka gelditutako eraikuntza lanak amaitzera joan beharko duenik ere bada, pazienteoi betiko medikuak erantzungo dizkigu galderak, kostako herriak normaltasunera itzuli dira, eta ni hona. Zoriontsua izan zaren lekura ez dela itzuli behar esaten du gaztelaniazko kanta batek, baina euskarazko kantuek itzulera denona izatea amesten dute. Ni hemen zoriontsua izan naiz eta berriz ere izateko esperantza badaukat. Nire berben poza konpartitu nahi nuke zuekin, eta zuenena jaso.