Geure umeak izan nahi ditugu. Zenbat eta biologikoagoak hobe. Harrera familiak, adopzioa… bigarren mailako gurasotasunak iruditzen zaizkigu. Umeen jabetza nahi dugu: haiek egingo dutenaren gaineko erabakiak hartu, gureak direla esan. Gureak dira umeak eta gurasoak gara haien bizitza bideratu edo izorratu dezaketen bakarrak. Umeak ume direnean autoritatea kentzen diegu umearen hezitzaileei, aitona-amonei, lagunei, izeko-osabei… «umea nirea da eta nik horrela nahi dut» askotan errepikatzen den esaldia da ulertzen ez ditugun gauzak kolokan jartzeko. Umeak hazi ahala, irakasleak ere desautorizatu egiten ditugu. Inor ez da nor gure umeari ezer esateko, kontra egiteko, gauzak zalantzan jartzen irakasteko, guk ulertu nahi ez duguna esplikatzeko. Irakasleak desautorizatu egiten badira pentsa zer gertatzen den aisialdiko hezitzaileekin! Zenbat eta lehia gutxiago izan eskolaz kanpoko ekintza horretan, orduan eta okerragoa da guraso askoren jarrera.
Neure burua hezi nahi dut desautorizazioa saihesteko. Ni ume batez erditu nintzen, baina ume horrek jende askorengandik jasoko ditu bizitza bizitzeko tresnak. Hasierako urteetan batez ere gurasooi dagokigu haren pausoak bideratzea, baina momentu batetik aurrera berak aukeratuko ditu bere erreferenteak, eta ez gara gu bakarrik izango. Umeak gure ardura dira, baina ez gara haien jabeak.