Onintza Enbeita

Jasan beharrak

2026ko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Umeen zaintza enpatia eta sinpatia handiz ikusten dugu gure gizartean, baina bestela begiratzen diogu zaharren zaintzari. Lagunekin bazaude eta umea paseatzen ari den ezagun bat ikusten baduzu, erraz gonbidatuko duzu zuekin esertzera. Ostera, paseatzen ari dena zaharra bada, eta gurpil aulkian badoa, gutxitan amaituko duzue garagardoa konpartitzen. Horregatik egiten zitzaidan arraroa Manuelak lagunekin egiten zituen planetara ama eramatea. Bera alaba bakarra zen eta ama, ama bakarra. Elkar baino ez zeukaten. Normala zen zaintzaileek jai zituzten orduetan ama-alabek etxetik elkarrekin atera behar izatea. Alzheimerrak ez zuen tarterik uzten ama etxean bakarrik egon zedin. Erresidentzian sartu zutenera arte, alabaren kuadrillakoekin joan zen kanoa batean errekan behera, zinemara, afaltzera, kontzertuetara, garagardoak hartzera… denen artean zaintzen zuten emakumea, eta egia da, hark ere ez zuela giroa gaiztotzen. Lasai egoten zen. Behin Manuelari esan nion miresgarria zela bere lagunen enpatia. Sutan jarri zen: «Ez al ditut nik haien guztien umeak jasan behar izan? Bada, jasan dezatela haiek ere nire ama!». Inoiz eman didaten arrazoirik handiena iruditu zitzaidan.

Hil zen Manuelaren ama, eta orain, ez dit bada berak esan nire bikotea oso jatorra dela umea zaintzen duelako! «Ez al da, bada, bera aita?», esan nion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA