Familia bazkari batean edo gertatu zen. Herrian gaixorik zegoen jendeaz berbetan hasi ziren. Halakoetan ohi denez, ospitale bete jende zenbatu zuten, eta sekula gaixorik ezagutu ez zuten norbaiti buruz hasi ziren. Ba omen zuen zerbait, nahiz eta ez zekiten zer. «Zahartzaroa», esan ei zuen batek: «Horri gertatu zaiona da zahartzaroa etorri zaiola». Orduan aitonak, burua plateretik altxa, eta erantzun zien: «Ni hori ere pasatuta nago!». Harritu egin zituen denak ateraldiak. Ordurako 90 gertuago zituen 80 baino, eta beste guztiak zahartzaroa sumatzen hasi zitzaizkionean berak joanda izan. Seguruenetik aitonak esan nahiko zuen zahartzaroari ohi zaion beldurra gaindituta zeukala edo zahartzaroaren ajeak pasatu egin zitzaizkiola. Kontua da, esan, zahartzaroa pasatuta zegoela esan zuela. Boladak konplikatzen direnean Piztiak-en Dana pasaten da jartzen dut oraindik ere lantzean behin, eta Errigoitiko aitona hartaz gogoratzen saiatzen naiz.
Dena pasatzen baita: egunak, urtaroak, anea… dena. Arrano arrantzalea Senegalera joaten ikusten dugun bezala joaten da denbora, joanean. Guk konpontzen ez duguna denborak enkistatzen du, eta aurrera bolie. Momentu batean kisteek min emateari uzten diote. Zorionez dena pasatzen da. Zoritxarrez, gauzak pasatu ahala, bizitza bera da pasatzen dena guk ia ikusi ere egin gabe.