Onintza Enbeita

Jostailuak

2026ko irailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure semeak traktoreekin eta motoekin jolastu nahi du. Gurpilak dituzten gauza guztien aurrean esaten du: «Brum-brum-brum». Ez dugu horretara bultzatu, egia da. Zalantzati nago, baina badakit ez dela zera biologikoa. Hasieran kosta egin zitzaidan egoerari erantzun bat ematea, eta isilik gelditzen nintzen jendearen teorien aurrean: «Badago zerbait jaiotzatik datorrena», «ikasi egiten dutela esaten da, baina ez da egia: zure semea gizon dator»… Beste ondorio bat atera dut nik, ordea: umearen jostailuen artean arakatzen hasita, neuk ere traktoreak eta hegazkinak hartuko nituzke. Panpinek ez dute ezer dibertigarririk egiten. Gure ilobek dozena bat Nancy baino gehiago izan zituzten, baina begira egotetik aparte, joko gutxi ematen zuten. Nork nahiko du geldi dagoen panpina bat esku puntetan hartuta ibili bizikleta bat dagoen lekuan? Edo atzerantz mugitzen duzunean pi-pi-pi egiten duen kamioiaren ondotik nork aterako du panpinak eramateko orgatxoa?

Umeak ume, Barbie eramateko auto arrosa handi bat ekarri dio lehengusinak gure umeari. Momentuz semeari. Txundituta geratu da auto brillantearen aurrean. Lasaitu egin naiz: ez da egia jaiotzatik datorren zerbait dela mutilek traktore edo motoekiko duten afizioa. Auto arrosari ere «brum-brum» egin dio; jakina, haren gainean etxe osoan zehar mugitu daiteke Barbie bazter batean utzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA