Onintza Enbeita

Justifikazioa

2026ko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Demagun albistegian senarrak hil duen emazteari buruz ari direla. Kazetariak inguruan bizi direnei jarri die mikroa muturrean. Bakoitzak ahal duena esan du, baina badago bat, beti baitago bat, harrituta ei dagoena: «Gizon atsegina zen. Igogailuan topo egiten genuenean egun onak ematen zizkidan». Demagun orain, gizon ezagun baten inguruko eskandalua lehertu dela. Hainbat emakumek salatu dute haien gogoaren kontra sexu harremanak izatera derrigortu zituela, edo beste zerbitzu batzuetarako kontratatu arren larrutan egitea eskatu ziela. Jende askok harridura erakutsiko du, beste askok esperoko zuen gertaera, baina agertuko da emakume ezagunen bat, beti agertzen baita, berarekin beti adeitsua izan dela esanez. Arraroa egiten zaiola salaketa, zeren eta berari ez baitio sekula eskua behar ez den lekuan jarri. Demagun herriko jaiak amaitu direnean sare feministak izandako sexu-jazarpen salaketen berri eman duela, eta kafetegian entzun dituzu hainbat gizon-emakume gaiaz hizketan. Entzun duzu bat esaten, beti baitago bat esaten duena, gaur egungo neskek edozeri deitzen diotela sexu erasoa.

Gogaikarria eta nekagarria da. Erasotzaileak badaki noren kontra jo. Gehienetan bere azpitik sentitzen dituenen kontra egingo du, eta munduari ez dizkio esku odolduak erakutsiko. Ez ditzagun justifikatu ezin direnak justifikatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA