Argentinatik iritsi berritan eraman zuten Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera. Hala kontatu zigun zapatuan Celeste Agüerok. Dena iruditu omen zitzaion ederra eta berezia, baina guk sekula erreparatu gabeko zerbaitek hunkitu zuen. 2018an iritsi zen Agüero Euskal Herrira, eta oso ondo laburtu zigun 2018ko Bizkaiko finalean gertatu zena: «Nik ez nuen ezer ulertzen, dena ari zitzaizkidan itzultzen, baina ikusten nuen emakume lodi bat negarrez beste guztien artean. Neu ere lodia eta negartia naiz eta asko kosta zait iritsi naizen tokira iristea. Bada, final hartan, negarrez ari zen lodiak irabazi zuen». Nitaz ari zen, noski. Deskribapena ezin hobea da. Edozein bertsozalek ulertuko luke nori buruz ari den negar egiten duen bertsolari lodiaz ari dena. Barre egin genuen: neuk gehien.
Harrigarria guri barruan gertatzen zaiguna kanpotik nola ikusten den. «Orain ere negarrez ari da», pentsatuko zuten batzuek; beste batzuek «bazen emakume batek irabazteko garaia». Eta Argentinatik Euskal Herrira iritsi berria zen artista lodiari magikoa iruditu zitzaion lodienak irabaztea. Gurean ere ez da beti horrela gertatzen. Beti ez dugu lodi negartiek irabazten. Hala ere, ondo dago irabazten dugunean norbaitek hori ikustea. Lodiak izateak ateak itxi ere egiten dituelako, eta gutxi dira lanik egin gabe ezer lortu dutenak.