Onintza Enbeita

Keinuak

2025eko irailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit Euskal Herria kontziente den zenbat bertso saio diren 10.000 euro. Edo zenbat libururen ehuneko hamabia. Edo zenbat hitzaldi. Edo zenbat artikulu euskarazko medioetan. Badakit goizeko seietan lanera joaten ez garenok ez garela espezie fidagarria, baina guk badakigu zenbat gauza egiten ditugun 10.000 eurotara iristeko. Seguruenetik ez dira meatzera joatea bezain arriskutsuak izango, baina nekagarriak badira gure lanak. Hori kontuan hartu gabe sortze prozesuan sartzen ditugun orduak ez dizkigula inork ordaintzen. Horregatik dira hain garrantzitsuak bekak eta diru laguntzak.

Miresgarria iruditu zait Saioa Alkaizak hartu duen erabakia: uko egin dio Igartza bekari CAFek Palestinako genozidioan duen inplikazioagatik. Tabernetan eztabaidatzen genuen enpresa bateko langileek zenbateraino eragin dezaketen haren erabakietan, edo ulertu egiten genuen langileek ezin diotela soldatari uko egin enpresak erabaki okerrak hartu dituelako, edo soldatari eutsi beharra zegoela esaten ziguten enpresari presiorik ez egiteko aitzakia gisa. Alkaizaren keinuak buelta eman dio guztiari. Keinu txikiek balio dute, eta ez norberak lo lasai egiteko bakarrik. Ustez erabaki pertsonala baino izan ez den keinu honek zuzenean interpelatu ditu CAF bera, bertako langileak, Beasaingo Udala, Elkar eta erdi lotan gauden beste guztiok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.