Onintza Enbeita

Kolonizazioa

2025eko urriaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo Poliziak psikologikoki eta fisikoki jipoitu dituela esan dute Global Sumud ontzidiko lagunek. Eskandalagarria da, baina ez naiz harritu. Genozidioa lotsarik gabe antolatzen utzi dioten gizonaren soldaduez ari gara. Munduko agintariak orain hasi dira Israelekin harremanak eteteko imintzioak egiten, baina honezkero milaka dira hildako palestinarrak. Sare sozialetan ikusi nuen ontzidiak zeraman giza laguntza nola banatzen zuten israeldarren artean, eta negargura sartu zitzaidan. Ez dut israeldar gehienengandik ezer espero. Guk baino hobeto dakite palestinarren lurrean bizi direla, bestela ez zuten herri aukeratuaren ipuina asmatuko euren buruak konbentzitzeko. Ordea, Netanyahuri inork ez dio eskatuko armak entregatzeko eta israeldarrak libre ibiliko dira okupatutako lurretan. Eta hemendik urtebetera Libanon gauza bera egitea bururatzen bazaie, bada egin egingo dute. Zergatik ez? Munduak merke jarri die genozidioaren peajea. Gizarte zibiletik harago, gutxi mugitu dira gobernuak.

Gure buruak ere kolonizatu dituzte. Lehengo egunean, Palestinako zapiarekin urte bi daramatzan gizonezko batek esan zidan ea palestinarrek emakumeekiko duten jarrera onartzeko prest nagoen. Juduei eta kristauei onartzen ez diedana musulmanei ere ezetz esan nion. Baina, noski, horretaz ez digute pentsarazten. Etsaiak ere ezin ditugu aukeratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.