Onintza Enbeita

Konkistaren gogorra

2026ko otsailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dut esango festa, elkarte edo batzar bat gizon matxistaz osatzeak zuzenean dakarrenik erasoak gertatzea. Kontua da, giroa matxista eta misoginoa denean, errazagoa dela erasotzaileak boteretsu sentitzea. Emakumea ahaldundu ezin den lekuan, gizonak bihurtzen dira boterearen jabe bakar. Eta boterearen jabe denak ez du pentsatzen egiten duenak ondoriorik izango duenik, eta egiten duenak ondoriorik ez duela izango pentsatzen duenak libertate osoz zapaltzen ditu bera baino gutxiagotzat hartzen dituen horien askatasuna eta osotasun fisikoa. Eta gizonek botere guztia duten espazio batean, espazio hori matxista eta misoginoa bada are gehiago, emakumeak bigarren mailakoak dira gizonen begietara.

Oso gizonenak izan diren esparru askotan izan dira erasoak: gogorrak eta bigunak. Orain erasoen tipologiaz hitz egitea gustatzen zaigu, baina eraso guztiak dira eraso. Emakumeontzat ez da erraza izan geure burua guretzat ez omen ziren espazioetan kokatzea. Inork ez dizkigu petalo gorriak bota pausoak eman ahala, baina lur berriak konkistatu ditugu. Eta hortik urte batzuetara kontatu ahal izan dugu zer pairatu dugun bidea egiten genuen bitartean. Lokatz asko mahai gaineratu dugu. Bada, pentsa ezazue zer egongo den oraindik konkistatu ez ditugun espazioetako alfonbren azpian eta plastiko beltzen atzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA