Norbaitek esaten duenean Errusiak Ukrainatik alde egin behar duela, ez diote Ukrainako emakumeen egoeraz galdetzen. Ez dut Ukrainaren eskubideak defendatu nahi dituen inor ikusi edo entzun emakume ukrainarren askatasunaz hizketan. Eta ez dut sinesten hango emakumeak erabat libre biziko direnik, zeren hemen ere ez gara hala bizi. Orduan ez dakit zergatik hitz egin behar dugun etengabe emakume arabiarrez Palestinaz edo Iranez ari garenean. Nik ez dut inoiz babestuko gizon palestinarrek emakume palestinarrak zapaltzerik, baina badakit eta badakigu Israelen helburua ez dela emakume horiek askatzea. Ezta emakume irandarrek hijabak kentzea ere. Israeli eta AEBei bost piper inporta zaie emakumeen egoera partikularki eta populazioarena orokorki. Nahi duten bakarra eremuaren kontrola eta baliabideen ustiapena da. Israelek, ahal badu, emakume palestinarrak bortxatu, esplotatu eta hil egingo ditu. Horretan ari da. Eta antzera gertatuko zaie irandarrei.
Argi daukat feminista izanda ezin dudala Irango Gobernua defendatu. Ez dit hori inork esplikatu behar. Ez dakidana da nire kontraesanen bila ari diren zenbaitek ea argi duten pertsonen askatasunaren izenean ezin dela gobernu genozidarik zuritu. Israel eta AEBekin ados bazaudete, egon, baina ez bilatu kili-kiliak besteoi. Nahikoa daukagu bakoitzak bere kontraesanak lantzearekin.