Ez gaude ohituta ezetz esatera. Egoerarik muturrekoenetan ere konpromisoak bete egiten ditugu. Bertso saioak egin ditugu sukarrarekin, hurbileko norbait hil denean geuk aurkitu ditugu ordezkoak gure saiorako… Ez dakit zergatik pentsatzen dugun bertso saio bat inoiz ezin dela bertan behera gelditu. Izan liteke inoiz ez dugulako halakorik planteatu, baina kontzertuak gelditzen dira egin gabe. Musikariak istripua izan duelako, kantaria ahotsik gabe gelditu delako, aktore bati norbait hil zaiolako… kontzertua edo antzerkia atzeratu egiten dira, eta kito. Zergatik ezin dugu guk bertso saio bat bertan behera utzi? Edo ezin garela joan esan eta lasai gelditu? Ahotsa berreskuratu ahala, agenda berrantolatzen ibili naiz aste honetan; egunero. Kantura ezin izan naiz inora joan momentuz, hizketan konpromisoen erdiak bete ditut. Gaizki sentitzen naiz. Zerbait gehiago egin nezakeela pentsatzen dut denbora guztian, baina zerbait gehiago ahotsaren suizidioa baino ez litzateke.
Halako galderak egiten zizkidatenean, lehen ez nuen erantzunik izaten, baina orain badakit zer esango niokeen bertsotan hasi berri den gazte bati. Are gehiago, euskaraz sortzea erabaki duen edozeini: ezetz esateak ez zaitu pertsona txarragoa egingo eta beste edozein lanetan dauden eskubideak zuk ere merezi dituzu. Orain neure buruari errepikatu behar dizkiot.