Onintza Enbeita

Korrika

2026ko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur Atharratzetik abiatuko da Korrika, eta ezin naiz urduriago egon. Tximeletaz beteta daukat urdaila. Zenbat maite dudan erokeria eder hau! AEK-ko beterana baten alabak gara gu, eta ez dugu sekula Korrikara huts egin. Umeak ginenean ez genuen ondo ulertzen zergatik ez genuen ama ikusiko hilabete luzean. Gauza asko izaten zituen egiteko: propaganda zabaldu, kamisetak saldu, pegatak jarri, diru bilketa egin, kilometroak saldu, kilometroak markatu errepidean, dortsalak banatu… eta besterik ez zegoenean gu ere harekin ibiltzen ginen bueltaka, eta ze pozik beti. Ze irrika izan dugun beti Korrika iristen ikusteko. Furgoneta ikusi orduko pizten zait zerbait barruan: goizaldeko ordu bietan ohetik jaiki eta dortsala ilusioz janzten zuen Onintza txiki hura esnatzen zait barruan.

Zenbat irakatsi ziguten AEK-ko beterana haiek konpromisoaz eta inurri lanaz. Korrika Txikian haien seme-alaba eta ilobak bakarrik egoten ginenean ere, zein ondo pasarazten ziguten euskararekin, euskararen alde eta euskaraz. Gaur, aspaldiko partez, ezingo naiz amarekin joan Atharratzera, baina semearekin joango naiz. Lekukoa ez baita bakarrik karreran pasatzen eskuz esku. Euskararen aldeko lekukoa ondorengoei eman behar diegu sinbolikoki eta praktikoki. Guardia jaisten dugunean badakigu zer gertatzen den. Goazen Korrika etorkizun euskaldunera!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA