Gaur bezalako egun batez izan zen Maratongo bataila, kristo aurreko bosgarren mendean. Greziarrek irabazi zuten persiarren kontra. Pentsatzen dut inork ez zuela espero Greziako ejertzitoak irabazterik, ze, bataila izan eta egun bira, Filipides izeneko gizona korrika abiatu zen Atenasera irabazi egin zutela esatera. Pozik abiatu zela dirudi: Maraton eta Atenas bereizten zituzten 42 kilometroak ziztu bizian egin ondoren, hil egin zen historiako lehenengo maratoilaria. «Irabazi dugu», esan eta ziplo erori ei zen.
Zer pentsatua ematen didate bidegorri zein berdeetan edo mendietan korrika ari direnek. Kaskoak belarrietan sartu, buruan zapia edo bisera jarri, eta atzetik inor jarraika ez izanda ere, kilometroak egiten dituzte korrika. Niretzat bakarra ere asko litzateke, baina inguruko batzuek 6-7 egiten dituzte ia egunero. Korrika egiteari uzten diotenean ez omen dira ondo egoten, gorputzak eskatu egiten die nonbaitera arineketan abiatzea, antza. Ederra izan behar du sentimendu horrek, baina nik ez dut sekula sentitu. Kirola neurririk gabe egitea ona dela sinetsi dudan aldiro saiatu naiz arrapaladan ibiltzen, baina haizea pasatu zaidanetan lasai gelditu naiz ohean edo tabernan. Agian izango da, Filipidesek ez bezala, nik ez daukadala helmugan entregatzeko berri onik.