Onintza Enbeita

Kutsatzeaz

2026ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aspaldi ez naiz mezetara joan, baina gogoan dut lehen jende askok egiten zuela eztul elizan. Apaiza gauza inportanteak esaten hasten zenean batez ere. Entzuten zen eztul urrun bat atzeko ilaratik, eta hango karamelu paper zarata bukatu orduko, beste hiru edo lau eztul etortzen ziren leku askotatik. Sinfonia eztultsua izaten zen guretzat meza nagusia. Bertso saioetan errepikatu zaidan inpresioa da. Ganbarako gaia pentsatzen ari garenean etortzen zaio jendeari eztula, eta nahikoa da batek tuju-tuju egitea atzetik beste hamabostek egiteko. Medikuek diote eztula bera ez dela kutsakorra, baina askotan baietz ematen du: badela. Sinfonia eztultsuak dira bertso txapelketetako finalak ere. 

Eztularekin gertatzen zaiguna gertatzen zaigu gauza askorekin. Badaude gizartean bizirik irauteko egiten ditugun gauza asko. Inork ez du esan hala egin behar direnik, baina bada talde zabal bat hala egiten dituena, eta, ondorioz, guk ere antzera jokatzen dugu. Zuk pozik jantziko zenuke lumadun txamarra maiatzean eta pozago jango zenuke izozkia abenduan. Ez dizu inporta euria egiten duenean bustitzeak eta ez zaizu iruditzen egunero dutxatu behar denik. Baina gehienek jokatzen duten moduan jokatzen duzu zuk ere: imitazioz. Norbaitek azaldu egin behar liguke zergatik kutsatzen dizkiguten ustez hala ez diren gauzak eta ea zergatik ez garen pozez kutsatzen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA