Lehor dago lurra. Siku. Ez dago ganorazko generoa ekoizteko modurik. Hor ari gara nork mangera luzeagoa izango eta nor urrutirago helduko tomateren bat jan asmotan. Ez dago erraz. Azken urteetan uda batean baino gehiagotan izan dugun arazoa da, baina negua etortzen denean ahaztu egiten gara. Gutxik egiten dugu ahalegina euri-ura biltzeko moduak asmatzeko, adibidez. Dagoenean bonbon egitera ohituta gaude. Beti izan dugu euria behar izan dugunean. Izan da udaren bat edo beste konplikatu samarra, baina Euskal Herria euriak berdatu du. Eta edertu. Gauzak aldatzen ari dira, ordea. Bero sapa hauek ez dute lurrari eusten laguntzen. Gutxiago hego haizea ateratzen duenean. Dena aurretik eramaten dute: fruta erortzen ari da arbolatik, lekek kartoizkoak dirudite, piperrak minduta daude… baina badago halakorik nabaritzen ez duen jendea. «Lehen ere egiten zuen bero», esan zidan batek astelehenean azokan. Hala izango da, egingo zuen lehen ere beroa, baina honelakoa? Eta hainbeste astetan jarraian? Eta urtero?
Klima aldatzen ari da. Erresilientzia gaitasun handia beharko dugu ohitzeko. Zeren eta orain arte ez dugu muturreko arazo klimatikorik izan bizimodu normalean. Orain termometroak muturreraino doaz, eta gu aire egokitua jartzeko aurrekontuak eskatzen ari gara. Berriro ere irtenbide pertsonalak nahi ditugu arazo kolektiboarentzat.