Onintza Enbeita

Loa

2025eko azaroaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zortzi ordu segidan lo egiteko ohitura ez da betikoa. Hara! Pentsatzen nuen loan ez zutela faktore sozialek eragingo, baina hala omen da. Erdi Aroko testuek-eta loaldi biz hitz egiten omen dute. Lauzpabost ordu lo egin, eta, gero, esnatu egiten zen jendea, antza. Goizaldeko ordu txikiak baliatzen zituzten hainbat gauza egiteko, eta, gero, bigarren loa izaten zuten. Pentsatzen dut honetaz ia ezer jakin gabe jaio garela gure garaiko pertsonak, baina gehienok, kontatu digutenez, horrela funtzionatu dugu umetan. Gure ustez lo nahikoa egiten genuenean esnatu egiten ginen, eta jendearentzat lanerako orduak zirenean berriro lokartzen ginen. Ondoren ikasi dugu gizarteak modu ordenatuagoan funtzionatzeko beharra duela: eguzkia ezkutatzen denean egin behar dugu lo, eta eguzkiak argitzen duen denboran produzitu. Kapitalismoak horixe sartu digu buruan: lo egiten dugun denbora, denbora galdua dela. Batez ere gure lanari esker aberasten direnentzat: lo gaudenean ez diegu aberastasunik sortzen.

Ederra litzateke gizarte desordenatuago bat. Bakoitzak bere ordutegiaren arabera lo egiten duen mundua. Ez ginateke lantokietan nahi ez dugun jendearekin elkartuko, ordu txikietan ile apaindegira joateko aukera izango genuke, txortan egiteko tarte lasai bat izango genuke gauero… eta umore txarrez esnatzen den jende gutxiago izango genuke inguruan.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.