Onintza Enbeita

Loa

2026ko apirilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nik baditut loarekin borrokan bizi diren lagunak. Melatonina hartzen dute, ohitura egonkorrak mantentzen dituzte ohera joateko orduan, mota guztietako droga legalak probatu dituzte lo egiteko, baina loak ez du haien etxera etorri nahi. Garaiaren arabera, ez dut haien aurrean gaia atera ere egiten. Gurera beti iristen baita loa. Ohean etzan eta laster izaten da hemen. Ez niregan bakarrik: etxean bizi garen hirurok egiten dugu lo ondo eta erraz. Horregatik enpatizatu dut azkenaldian lo txarreko lagunekin. Insomnioak gau gutxi batzuk jan dizkit, eta larrituta nabil. Batzuek esaten didate menopausiaren aurreko garaian normala dela eta menopausian okertu egiten dela joera, beste batzuek kezkak kentzeko burutik eta itzuliko dela loa, eta nik pentsatzen dut ez dela ezer berezia izango: umea jaio denetik lo asko egin izan dudala eta normaltasunera itzultzen ari naizela. Goizegi sartzen naiz ohera umeak lo egin dezan, eta oso goiz betetzen ditut neure orduak. Hori da sinetsi nahi dudana. Izan ere, ez dakit noiz arte eutsiko diodan goizaldean zer egin ez dakidanean idazte honi, mundua neure baitan konpontzeari edo erdi ilunpetan irakurtzeari. Gaur inoiz baino gehiago miresten zaituztet bizi guztia horrela daramazuen lagunak. Sekula ez didazuelako irribarrerik ukatu loa etorri ez zaizuenean ere.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA