Onintza Enbeita

Maitasuna

2026ko otsailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela mende asko, San Valentin egunak izen hori izan baino lehen, Lupercalia izeneko jaia ospatzen ei zuten erromatarrek gaurko egunez. Ahuntzen larruz egindako latigoak ahuntzen odoletan busti, eta jipoitu egiten zituzten emakumeak. Hala irakurri dut. Gaurko eguna maiteminduekin zergatik lotzen den jakin guran ibili naiz, baina San Valentinen ibilerak irakurtzeko gogoa joan egin zait. Badirudi santua onbera izan zela eta haren obrak lotu direla maitasunarekin, baina ez nago ziur. Ezin izan diot buruari galgarik jarri Lupercalia irakurri eta gero. Irudikatu ditut emakumeak gorri-gorri: latigoek azalean itsatsitako animalien odola alde batetik, eta kolpeek irekitako zirrikituetatik isuriko zutena bestetik. Bat-batean higuindu egin naute erakusleihoetako bihotz gorriek. Gogaikarriak egin zaizkit beti, nazkagarriak gaur. Arrazoi bat gehiago daukat gaurko eguna ez ospatzeko.

Emakumeoi esan zaigu gizon gaiztoekin maitemintzea gustatzen zaigula. Ez da egia. Horren izenean, burutik behera kaka egiten saiatu zaizkigu, eta gure maitasuna zaintza behartuarekin eta ugalkortasunarekin lotu dute. Guk ere maite gaituztenak maite ditugu; batez ere tratu ona ematen digutenak. Eta ez gaude maite ditugunak zaintzera derrigortuta. Ez da gure DNAn dagoen mandatu bat. Gauza bat da maitasuna, eta beste bat, desberdina, zaintza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA