Gure amak minbizia dauka. Egun batzuetan betiko ama daukagula iruditzen zait, eta beste batzuetan ez du ohetik jaikitzeko indarrik izaten. Eta, hala ere, pozik gaude. Tratamendua badauka behintzat; badirudi sendatu egingo dela. Ezagutu ditugu zorte hori izan ez dutenak. Ikusi ditugu gertukoak itzaltzen, heriotzari bide egiten, nahi eta ezinean, maite dituztenei eskutik heltzen indarrik gabe gelditu diren arte, ilerik gabe, behatzik gabe, bularrik gabe, ahalik eta duinen eusten. Ikusi dugu metastasia hitzak nola lehertzen duen zerbait hura duenaren eta inguratzen dugun beste guztion barruan. Eta, hala ere, jakin dugu bizitzaren taupada bakoitzean salto egiten: hil arte bizirik egoteko aukera inork ez digu kenduko.
Xingola arrosek min ematen didate; gehiago, jakin nuenetik metastasiak ez dituztela estatistiketan sartzen zenbakiak ere arrosak izan daitezen. Urria heltzen da eta borrokaz hitz egiten digute, ausardiaz. Gaur eguerdian Arriagan izango gara minbizia marroi galanta dela aldarrikatzeko, eta xingoletan xahutzen den dirua ikerketan xahutu dezatela eskatzeko. Ez dugu irribarre makillatu eta hizkuntza belikorik behar. Minbizia gaixotasuna da: gaixoek eskubidea dute gaixo izateko. Osasun sistema publikoak, aldiz, betebeharra du sendabideak garatzeko. Minbizia ez du ausardiak sendatzen, tratamendu egokiak baizik.