Urtero harritzen nau jendeak garai honetan. Azokara etortzen dira azaro erdian eta esaten didate ea aurten ere mihura eramango dudan. Baietz esaten diet. Lan merkea da egun mihura eskuratzea. Abandonatuta edo erdi abandonatuta dauzkagun eukaliptorik gabeko lur txataletako arboletan asko dago. Jendea zain izaten da. Lehenengoz eraman nuenean, gure aitak buruari eragiten zion arrakasta ikusita. Indabak, porruak, zerbak eta ziazerbak mahaian izan nituen goiz guztian, baina mihurak ez zidan askorik iraun. Hurrengo urtean gehiago bildu nuen, eta, orain, badira eskatu egiten dutenak gabe ez gelditzeko. Inork ez dit prezioari buruz ezer esaten, eta nik kontrolatzen ez dudan merkatua da lore eta antzerakoena; beraz, hala nola jarritako preziorik izatekotan nire mahaian, mihurarena da bat. Eta jendeari berdin dio: «Txiki hau euro 2», «hori dotorea duzu, morda borobil-borobila eta 5 euro», «biak juntatuta eder geldituko zaizu eta eman 4 euro» eta abar. Goiz oso bat edo bi horrela eta inork ez dit esaten garestia denik. Inori ez zaio iruditzen mihura pixka bat euro bi edo hiru edo lau kobratzea asko denik. Batek esan zidan behin, ordea, porruek duten prezioarekin ezin omen dela azokara etorri sukalderako beharrezko gaien bila. Isildu egin nintzen, baina pozik esango nion beharrezkoak ez direnetan gastatu zuenarekin bazkari ederra egin daitekeela.
Mihura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu