Nik ez dakit minbizia eta ospakizuna esaldi berean lotzerik dauden, baina gaur Usurbilen asko hitz egingo da minbiziaz, eta aldi berean, garaipen txikiak ospatuko ditugu. Seguruenetik jende gehienaren bizitza ez dute asko aldatuko garaipenok, baina tabuak apurtzea, minbiziaz xingola arrosarik gabe hitz egitea, hil arte bizirik egotearen garrantzia, norbere gorputzean gerta daitezkeen gauzen gainean erabaki ahal izatea... iraultza txikiak bezain garrantzitsuak dira. Guztiok ez gaitu bide berdinak ekartzen gaixotasunak egunerokotzera, baina niri Inurri elkarteak izugarri lagundu dit bizitzaren eta heriotzaren arteko mugetan ibiltzen.
Gaur Usurbilen elkartuko gaituzte inurritegiaren inguruan ibili izan garen hainbat lagun, eta inurriekin batera topa egiteko ohorea izango dugu. Gure beldurrak mahai gainean jartzeko aukera izango dugu, baina baita dantzan egiteko ere. Naturalizatu egingo dugu guztiok hilko garela, eta ez dakigula gutako nor desagertuko den lehenengo. Hori bai, bien bitartean elkarren lagun izatearen plazera ez digu inork kenduko. Negar egingo dugu minbiziak kendu digun guztia ahoskatu ahala, baina barre ere bai: barre bagina lehorrez, antsietate atakeez, emozionalki hutsik dauden medikuez... eta berriz ere eskertuko diot bizitzari behinola inurriek bertsotarako deitu eta baietz esateko ausardia izan izana.