Demagun medikua zarela, eta goiz batean, ospitalera iritsi zarenean, zure pazienteen oheak egiten jartzen zaituztela haiek artatu baino lehen. Edo pentsa administrazioan lan egiten duzula, eta egun batean proposatzen dizutela zure hiru lankideren artean egiten duten lana bakarrik egin beharko duzula zuk. Kontuz! Ez dira ezer arraroa eskatzen ari: ikasteko aukera bat ematen ari zaizkizu! Edo irudikatu une batez irakaslea zarela, eta ohiko klaseak ematez gain, institutuko idazkariri dagozkion lanak egin behar dituzula zure lankideen ordutegi berean.
Kazetaritzan egunero ari da gertatzen. Mojo sistema deitzen diote. Telefono mugikorrarekin lan egitean datza kontua, baina berriemaile soilei agintzen dietenek diru asko aurrezten dute metodoarekin. Izan ere, kazetaria bera bakarrik doa edozein lekutara telefonoa poltsikoan duela, eta bere ardura da irudiak hartzea, soinu kalitatea zaintzea, informazioa biltzea, kontatu behar duena ondo aukeratzea… hau da, normalean hiru pertsonaren artean egingo litzatekeen lana bakarrak egiten du. Esan ziguten telefono mugikorrek informazioa hedatzeko bideak erraztu eta demokratizatu egingo zituztela, baina ez ziguten esan aitzakia horrekin zein erraza izango zen jendea esplotatzea. Bueno, ez ei da esplotazioa: jende gazteari aukerak emateko metodo ziurra dela diote.