Onintza Enbeita

Nahi duguna

2025eko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare sozialak coach eta psikologoz bete dira. Mezuak argiak dira: nahi duzuna lor dezakezu zeure buruarengan sinisten baldin baduzu, nahikoa zara zeu zure ametsak egia bihurtzeko, dena da posible gogoa jartzen baduzu… Bada, gure gizartean dena ez da posible, eta zoritxarrez, gure gogoa ez da muga bakarra. Zuria, aberatsa, gizona eta heterosexuala ez bazara, asko zailtzen da nahi duzun lekura iristea. Ez gara guztiok zerotik abiatzen. Hemen badago zerora heltzeko sekulako esfortzua egin behar duen jendea, argia ikusi duten zenbaitek sare sozialetan alferrak direla esan diezaien. Guk hegazkina hartu eta edonora bidaia dezakegu, baina gurera Mediterraneoa hala moduz zeharkatuta iristen direnek ezin dute nahi dutena lortu haien eskubideak guk ukatzen ditugulako. Emakume askok ezin dute beren ametsa bete kristalezko sabaia deitzen den mekanismo patriarkal batek zapaltzen dituelako. Homosexual askok ezin dute beren sexualitatea libre bizi haien askatasuna onartu nahi ez duten zenbaitek jipoitu egiten dituztelako. Eta horrela etengabe. Beraz, ez dezagun geure burua engainatu, eta ez gaitzala beste inork engainatu: hemen, oraindik ere borroka egin behar da pertsona guztiok eskubide berak izan ditzagun. Hortik aurrera, eztabaidatuko dugu ea norbera bakarrik gai den edo ez nahi duen guztia lortzeko beste inor zapaldu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.