Onintza Enbeita

Notiziak

2026ko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behin eta berriro esan ziguten gero eta gazteagotan hasten direla umeak pornoa kontsumitzen. Ez genion behar adinako garrantzirik eman. Kontatu ziguten nola ari zen gazteen artean feminismoaren kontrako olatua hedatzen. Ez zitzaigun hainbesterakoa iruditu: feminismoaren kontra egonda ere, izan gaitezke berdintasunaren aldekoak (ez dakit nola, baina hala pentsatzen duen jendea bada). Adituek azaldu ziguten gazte heterosexualen artean normala zela sexu harremanetan indarkeria erabiltzea. Indarkeria hori gehienetan mutilek deskargatzen zuten neskekiko, baina adinaren gauzak izan daitezkeela pentsatu genuen. Biak ados egonez gero, edozein sexu praktika da zilegi. Ez genuen asko galdetu ea indarkeria hori jasaten zuten neskek zer zioten gaiari buruz. 

Euskal Herritik ez oso urrun, 11 eta 12 urteko hainbat mutil atxilotu dituzte beren adineko neska bat taldean bortxatzeagatik. Bai, 11 eta 12 urtekoak. Whatsappeko hiru taldetara iritsi zait mezua. Eskandalua da nagusi. Dakiguna jakinda, beste aldera zenbat aldiz begiratu dugun ikusita, ez zait hain harrigarria iruditu. Litekeena da Euskal Herrian ez izatea gauza gertagaitza, tamalez. Notiziak alarma piztea munduko gauzarik normalena da, baina notizia horretara zenbat gauzak eraman gaituzten konturatzeak asko lagunduko liguke halakorik gerta ez dadin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE