Onintza Enbeita

Ogitartekoa

2026ko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

40 urtetik gora erditu diren hainbat emakumerekin hitz egin dut azkenaldian. Beste gauza askoren artean, ogitartekoaren sindromeaz aritu gara. Ez naiz psikologoa, baina horrela definitu dut nire egoera: 47 urterekin, 18 hilabeteko umea eta gurasoak zaindu behar ditut. Batek behar ez nauenean besteek behar naute, eta askotan, sentipena daukat hiruretako batekin ere ez nagoela behar den beste. Kulpa eta zaintza arrazoi garbirik gabe gurutzatzen dira emakumeon gorputzetan: kasu honetan ere bai. Arrazoi bat badago berez: emakume izatearren bakarrik zaintzaile finak izan beharrak geure buruari asko eskatzera eramaten gaitu. Horregatik pentsatzen dut, halakorik sentitzeko arrazoirik izan gabe sentitzen garela alaba, ahizpa eta ama txar aldi berean. Eutsi horri! 

Zaindu behar ditudan ogi bi hauen erdian batzuetan lukainka bezain errepikakorra naizela iruditzen zait. Umeari mila aldiz esaten diot maite dudala, baina aitaita eta amamarekin ere egon nahi dudala. Beste batzuetan sentitzen naiz urdaiazpikoa bezain gazi, eta gurasoak gaizki sentiarazten ditudala iruditzen zait. Inoiz sentitzen naiz txokolatea bezala, espezial: iristen naiz zaharrengana eta poztu egiten dira. Eta gehienetan sentitzen naiz nekatuta izan behar ez genukeen kezka edo tristura honetaz. Zeren ahal dudana egiten dut nik ere; beste guztien moduan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE