Gogor erantzun zion gure aitonari: «Gerra guk irabazi genuen eta zuk ez duzu bidea egingo». Bidea auzo guztiarentzat zen, eta gerra amaitu zenetik 40 urte pasatuta zeuden. Ezin zuen, ordea. Ezin zuen jasan berak ideologikoki eta politikoki zapaldutako gizon hark ingurukoen errespetua izatea. Kartzelara eraman bezain laster etxea hustu zioten, familia seinalatu zioten, baina auzoak sinistu egiten zuen haren egite onean. Egin zuten guk egunero zapaltzen dugun bide hau, eta pasatu dira beste berrogei eta piko urte. Eta halako batean umetako oroitzapenek harrapatu nautenean, dena lotu dut. Maite nuen proiektu politikoa uztera gonbidatu nindutenean, lagun idazleei jazarri zaizkienean, emakume kazetariei autoritatea kentzen dieten bakoitzean, jaietan emakumeei parte hartzen uzten ez dietenean… goratasun berdina dago oinarrian. Gizonek sistema bat sortu zuten haiek beti irabazteko, eta ezin dute jasan besteok erreferentziazkoak izaterik. Haientzat eraiki zuten plaza, haientzat kalea, haientzat mundua; baita iraultza ere. Haien iraultzan beti haiek aterako ziren garaile. Ezin dute jasan iraultzan ere gizon hegemonikoak ez direnak izatea erreferente.
120 urte beteko lituzke gaur gure aitaitak. Erreferentzialtasuna irabazi dugu, bai, baina garesti ordaindu ditugu gorputza erdian jartzeko ausardia edo inkontzientzia.