Onintza Enbeita

Okela

2026ko otsailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure gurasoak ume ziren garaian, egun berezietan jaten zuten gutizia zen okela. Etxean entzun izan dut nik nolako festa izaten zen txarriboda. Pentsatzen dut okela kopuruak egingo zuela berezi egun hori, haren kontsumoa ez zelako ohikoa. Gabonetan etxean hazitako oilaskoa jaten ei zuten aukera zegoenean; bestela aza eta intxaur saltsa. Urtean zehar, berriz, egun berezirik izanez gero, antxumea, arkumea edo oilaskoa, lekuko ohituren arabera. Betiere, aukera zegoenean. Orain edonoiz jaten dugu okela. Ez dugu, ordea, animalia osoaren ardurarik hartzen. Guk oilaskoaren hegalak nahi baditugu, hura erosten dugu: beste guztiarekin zer gertatuko den pentsatu ere egin gabe. Berdin bildotsaren txuletatxoekin, txahal azpizunarekin, idiaren txuletekin edo oilaskoaren paparrarekin. Nahi dugun zatia erosten dugu, eta etxe askotan, alferrik galtzen da okela. Zer esanik ez supermerkatuetan. Ez daukagu alferrik hil diren animalien kontzientziarik, ez ezeren kulparik.

Ni ez naiz beganoa. Animaliak jan egiten ditut. Hala ere, pentsatzen dut hausnartu egin behar dugula geure burua elikatzeko hartu dugun joera kapitalista. Elikagaiak negozio bihurtu dira, eta zoramen horretan gurekin batera sartu ditugu animaliak. Ezerk ez du zentzurik, baina animaliak hil eta tonaka okela zakarrontzira botatzen dela pentsatzeak ileak puntan jartzen dizkit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA