Lagun batek esan zidan 40 urterekin konturatu zela alferrik aritu zela ordura arte guztien onespenaren bila. Bizitza guztian bilatu omen zuen guztien onespena, eta halako batean, ohartu zen ezinezkoa dela. Orduan estrategia aldatu zuen: «Maite ditudanek maite nazatela da nire aspirazioa». Horrela esan zidan. Ikusten dut neure burua, begiratzen diet ingurukoei, eta iruditzen zait psikologia merkeko liburuetan agertzen diren arketipoak errepikatzen ditugula etengabe. Arrakasta handia duenak faltan botatzen ditu etxeko komunikabideen elkarrizketak, etxeko komunikabideetan sarri agertzen denak besteetan egon nahi du, milaka lagunen aurrean ari denari amaren onespena falta zaio, amaren onespena duena dianan jarri dute lagun bat mindu duen zerbait esan duelako, lagunek leku guztietara jarraitzen diotenak etsai gutxiago izan nahi lituzke eta etsairik ez duela pentsatzen dugunak nahi luke esaten duenak norbait haserretuko balu. Onespena eta onarpena. Kuadrillatik ihes egin genuenok kostata bilatu ditugun emozioak dira. Eta gure lagunak arrazoi du: sekula ez dugu guztien onarpena eta onespena lortuko. Egiten duguna egiten dugula, beti minduko da norbait, inbidiaz geldituko da beste bat eta indiferentea izango zaio inori.
Ezin dugu pentsatu beti ondo ari garenik, baina gehienetan, maite gaituztenak dira termometrorik egokiena.