Bihar hasi eta hilabete oso batean ez gaituzue irakurriko. Guk burua libratuko dugu eta zuek gutaz libratuko zarete. Oporra beharrezkoa du lan egiten duenak. Bidaiatzea ez seguruenetik, baina oporra eta deskantsua bai. Nire kasuan oporrak beti dira erdizkakoak, hala ere. Idazten ez dudanean botatzen dut bertsorik gehien, eta bertsotan egiten ez dudanean idazten dut gehien, eta gero ahizpekin batera tomateak kimatzea edo babarruna aletzea tokatzen da lana guri dagoenean. Edozelan ere, plazerari rau heltzen saiatzen naiz: goizean lasai jaiki eta lasai gosalduko dut hilabetean. Marianitoa hartzera noanean ez dut pentsatuko idatzi berri dudanaz edo oraindik idatzi ezinik nabilenaz. Gero, irailean, bertsoei astetxo bat kentzen diedanean ordu eta minutuero nik nahi dudan lekuan egon ahal izateaz gozatuko dut: hara edo hona joan beharrean pentsatu gabe. Eta horrela, besteentzat opor garai direnetan gozatu egingo dut neuk ere. Zuek ondo pasa: bidaiatu nahi baduzue bidaiatu, parranda egin nahi baduzue egin, kirola egiteko aprobetxatu nahi baduzue aprobetxatu, jan-edanean ibili nahi baduzue ibili, tripaz gora egon nahi baduzue egon… eta oporretan ondo datorkizuen hori egiten saiatu lanean zaudetenean ere.
Irailaren 1ean itzuliko gara. Bitartean, ezin bazarete gu gabe bizi, Aste Nagusian aurkituko nauzue.