Onintza Enbeita

Pena

2025eko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure inguruko zenbait gizonek, garagardoa hartzeko elkartzen direnean, oraingo mutil gazteek bizitza zail daukatela esaten dute. Izan ere, haien ustez, edozein emakumek izorratu ditzake tratu txarren salaketa bat asmatuta. Errealitatean, ordea, salaketa faltsuak ez dira %1era iristen, eta askoz gehiago dira salatzen ez diren benetako tratu txarrak asmatzen direnak baino. Oso urrunekoak ez diren emakume batzuekin eztabaidatu izan dut edozein arrazoigatik jartzen ditugula salaketak. Ipurdia ukitzea ez ei da hainbesterako. Kontua da inork ez digula ipurdirik ukitu behar guk nahi ez badugu, baina salaketak jartzen ditugunean askoz ere gauza larriagoengatik jartzen ditugu. Komunikabideetan ahotsa ematen zaie emazte ohi gaiztoek umeak kentzen dizkieten senar gizarajoei, baina gutxitan egiten zaie jarraipena senar jipoilariari umeak entregatzera behartzen dituzten emakumeen kasuei.

Gure ahizpa zaharrenak esaten du gizonek ez diotela penarik ematen. Jende bati baieztapen gogorra iruditzen zaio, baina arrazoia badu. Izan ere, haien pribilegioak galtzen ari direnean, gizon batek baino gehiagok pena emateko hautua egiten dute. Bizitza nola izorratzen diegun kontatzen hasten dira han eta hemen, eta, harrigarria bada ere, errukia sortzen dute. Bada, gero eta pena gutxiago ematen didate arazo estrukturalak salbuespenekin gutxietsi nahi dituztenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.