Badago jende bat pentsatzen duena esaten duena beti; baita egokia ez denean ere. Burutik pasatzen zaion guztia esatea eta egia esatea nahasten dituen jendea da. Euren burua aurkezten dutenean lasai esaten dute «nik beti esaten dut pentsatzen dudana». Harro sentitzen dira haginen artean ezer ez gordetzeaz. Ez dira ohartzen zenbat debaldeko min egiten duten. Izan ere, gauza bat da norberak galdetzen dituen gauzen inguruan egia erantzutea, eta beste bat, oso desberdina, inork galdetu gabeko zerbaiten inguruan iritzia ematea. Elkarrizketak hala eskatu gabe norbaiti orrazkera itsusia daukala, dibortzioa gaizki kudeatu duela, etxekoekin harremana toxikoa daukala, ama abandonatuta daukala, loditu egin dela, umea adin txarrean dakarrela… edo antzerakoak esateak ez gaitu zintzotasunaren heroi egiten, edukazio txarreko eta inpertinente baino. Aspaldi ikasi nuen beti pentsatzen duena esaten duela esaten duen jendearengana pauso neurtuz hurbiltzen, badaezpada ere. Irudipena dut beti pentsatzen duena esaten duen jende horrek esan behar duena aurretiaz pentsatu egingo balu ez lukeela esaten dituen gauzen erdirik ere esango. Horixe baita besteok haiekin egiten duguna: esateko daukaguna neurtu, eta, ezertarako balio ez badu, ez esan. Horrek ez gaitu gezurti egiten, ezta gaizto ere. Horrek zentzudun egiten gaitu.
Pentsatzen duena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu