Onintza Enbeita

Poza

2025eko azaroaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizitzan egin dudan ia guztia poz handiz egin dut. Ez bakarrik plaza publikoan lekua egin didaten gauzak, etxean edo etxekoentzat egin ditudanak ere bai. Lan berri batean hasi naizen aldiro, harreman berri bat hasi dudan aldiro, proiektu berrietara gonbidatu nauten aldiro, pozez ekin diot bideari. Eta ez dut esaten esateagatik. Inportantea iruditzen zait gauzak pozik eta pozetik egitea. Ez egitea gauzak egiteagatik, edo haiek egiten ondo ikasi zenuelako, edo esan dizutelako, edo trukean zerbait nahi duzulako, edo gizarteak esaten duelako hala behar duela, edo hori delako zure titulazioagatik eskatzen zaizuna. Ez. Gauzak egitea edo gauzetan parte hartzea, hor egoteak poza ematen dizulako. Borroka ere pozik egin dut nik: gauzak aldatuko diren pozez, lekurik ez dugunontzat leku bat sortzeak ematen duen pozarekin…

Hala iritsi naiz honaino; eta pozik nago. Agertokia haiekin konpartitzen uzten didaten gazte zoragarriak daude bertsolaritzan, eta horrek sekulako poza ematen dit. Poztu egiten nau bertsolaritza guztiok eroso habitatzeko leku bat izan zedin jarritako indarra zerbaitetarako izan dela jakiteak. Pozgarri zait Bizkaiko txapelketa duela 25 urte baino leku dibertigarriagoa izatea, eta poz handiz entzuten ditut nire seme-alabak izan zitezkeenak bertsotan. Poza bada jarrera iraultzailea eta haserrea bezain eraldatzailea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.