Onintza Enbeita

Poza

2026ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ospitaleko dendako gizonak hamar txiste eta piko egin dizkit minutu bi eskasean. Bat bera ere ez zait barre egitekoa iruditu. Errematerako ez dit sinetsi nire ahizpa baino gazteagoa naizenik. Konpromisozko hiru barre egin dizkiot. Ez daukat muturrak jartzeko gogorik ez indarrik. Erosi ditudan bonboiak oparitarako biltzea nahi dudan galdetu dit, baina alferrikako lanik ez hartzeko esan diot: laster jango ditugula. Orduan hasi zait urteko garai honetan ospitalean lan egitea tokatzen zaienak aldarte onean egotearen garrantziaz berbetan. Barrukoa barruan dagoela esplikatu dit, baina kanpotik umore oneko egon behar dela. Ez diot arrazoirik kendu, baina pozik esango niokeen emakumeei egiteko txisteak mejoratzeak ere lagunduko lukeela; data hauetan bereziki, baina bestela ere bai. Isildu egin naiz. Jule Goikoetxeari irakurri nion pozaren militanteak behar dugula, eta gizonaren diskurtsoak hori ekarri dit gogora. 

Badakit Goikoetxearen poza eta ospitaleko dendako gizonarena ez direla berdinak, baina Urteberri egunez korridore gris horietan ibili beharrari pisua kendu nahi izan diot. Gainera, jende askok goraipatzen ditu poza eta umore ona. Umorea zer izan daitekeen arrastorik izan gabe. Urte berriari eskatu diot Jule Goikoetxeak Politeismo bastarta liburuan esplikatzen duen militantziaren pozari edo pozaren militantziari eustea.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.