Onintza Enbeita

Sagarrak

2026ko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sagarrondo baten azpian lo zegoela jo omen zuen buruan sagar batek Isaac Newton. Eskolan horrela esplikatu ziguten grabitatearen teoria. Ez dakit zenbat sagar ikusiko zituen erortzen Newtonek bere bizitza guztian, baina, egun konkretu hartan eroritakoaren ondorioz, historian iltzatuta geratu zen gizon hura. Eta horrela ikasi genituen guk haren izena eta hark egindako ekarpena. Eta horrela bota genion titiak erortzearen errua, grabitatearen kontra egiteko sujetadorerik ez dagoela konturatu ginenean. Bai, badakit hark esan zituenak esan edo ez, grabitateak beherantz arrastatuko gintuzkeela berdin, baina norbaitek izan behar du gure gainbeheraren errua. 

Aurten erruz ikusi ditut sagarrak erortzen. Jo zituen maiatzeko beroak potinetan zeudela, jo zituen kazkabarrak ekainaren hasieran, etorri zen beroa berriz ere… eta Bermeoko kanta zaharrean arropak balkoitik behera erortzen diren moduan ari dira erortzen sagarrak gurean: din-din-din. Begizkoa egin arte begiratu diogu arbolari sagarrak aprobetxatzeko zerbait asmatu nahian. Gustatuko litzaidake sagarrak erortzen ikustean pena baino zerbait gehiago sentitzea; Newtoni piztu zitzaion moduan, argiren bat piztea. Saiatzen naiz, baina nik sagarrak erortzen direnean sagarrak baino ez ditut ikusten: din-din-din. Aldaketa klimatikoa hasi baino ez da egin: din-din-din. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA