Salatzeko esaten digute: «Tratu txarrak jaso badituzu, jarri salaketa». Gero egoten zara salatzera ausartu diren lagunekin, eta indarrik gabe oheratzen zara. Kontatzen duzu herri txiki bateko zerbitzu sozialetan tratu txar psikologikoak jasan dituzula eta ez dute laguntzeko modua aurkitzen. Laguntza eskaini, eskaintzen dizute, baina zu nola lehenagotik terapian eta hasita zauden, txostenean jartzen dute uko egin diozula laguntzari. Ez da egia, baina berdin dio. Txostena etenda dago dagoeneko, eta erasotzaileak ez du egin dizuna demostratu behar. Zu zara benetan tratu txarrak jasan dituela frogatu behar duena, eta tabernan jendeak esango du ea nola aguantatu duzun hainbeste hain gaizki egon bazara. Eta erasotzaileari sinisten dioten gizonek gaizki begiratuko dizute kalean, eta erasotzailea ez denez inozoa, zuri min egiteko bide guztiak baliatuko ditu: zure lagunen kontra joango da, adibidez. Eta zure lagunen aurrean gertatzen diren gauza eskandalagarrien aurrean, ertzainek jarriko dute atestatuan intzidentziak egon direla umearen entregan. Besterik gabe. Umearekiko mehatxuak ezereztzat hartuta. «Jarri ezazu salaketa», esaten digute eta autoinmolazio zoro batera kondenatzen gaituzte epairik ez dagoen kasuetan ere. Salatzeak ez du sistemak zaindu egingo gaituenik bermatzen, eta hala ere, salatzen jarraituko dugu.
Salatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu