Andoni abadeak umeak ginela kontatu ziguna egia bada, Isidrori aingeruak etorri zitzaizkion zerutik lurra goldatzera. Isidro diot, orduan oraindik ez zelako santua. Lan asko egiten zuen gizonak, baina fedea ere handia zuen, eta igande batez, mezetan zen bitartean, lurra goldatu zioten aingeruek. Horrela eskertu zion zeruak lurrari, fedeagatik izan ezean bere betebeharrak utzi ez izana. Ondo dago gizon fin hura izatea baserritarren patroia, baina agian, haren ordez lurra landatu zutenak izan beharko zuketen patroi. Izan ere, azken batean, orduan ere agindu, ez zuen Isidrok egin. Gaur egungo merkatua edo marketina bailitzan, Jainkoak erabaki zuen zein zen Isidro egoteko leku egokia, eta nork ordezkatuko zuen hark utzitako hutsunea. Edozelan ere, fedeaz harantzago, umetan asko gustatzen zitzaidan San Isidroren fabula. Ez dakit zer zen kontakizun hartatik gehien harrapatzen ninduena, baina kontatu zizkiguten guztietatik gehien gustatzen zitzaidana da. Igandero ez bada ere, igande askotan egin diot aitari txiste bera: «joango al gara hor nonbait ea bueltan lurra goldatuta aurkitzen dugun?». Aitak barre egiten du. Kontua da, mezetara joaten direnei ere ez zaienez aingerurik etorri gu bizi izan garen denboran, beste gauza batzuetarako aprobetxatzen ditugula elkarrekin ditugun igande eguerdiak.
San Isidro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu