Onintza Enbeita

Sareak eta umeak

2026ko otsailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantzian hala egin dutela eta, Espainian ere sare sozialetarako sarbidea galarazi nahi zaie 16 urtez azpikoei. Telegrameko nagusiak mezu bat bidali die erabiltzaileei Espainiako Gobernuak erabaki nahi omen duena gaitzetsiz. Nik ez dakit debeku ofiziala behar dugun pantailak edozertarako erabiltzeari uzteko, baina hausnarketa txiki bat denok egin behar genuke; ez nerabe eta umeek bakarrik. Helduok ere gehiegi erabiltzen dugu telefonoa. Autobusean irakurri edo lo egiten genuen garaiak lekutan gelditu dira: orain gehienok mobila atera eta hor ibiltzen gara batetik bestera saltoka. Tabernan bakarrik dagoen jendea gutxitan ikusten dugu egunkaria irakurtzen: begiak sakelakora iltzatuta izaten ditugu gehienok. Medikuaren zain gaudenean ere normala da jendea mezuak erantzuten edo ezer konponduko ez diguten txisteak ikusten egotea. Gure bizitzak erabat hartu ditu pantaila txikiak, eta orain, 16 urtez azpikoen erabilera mugatu nahi dugu. Ondo dago. Sareetan eduki arriskutsua bada. Guztiontzat, ordea.

Gure ama erretzailea zen, eta erretzeari buruzko diskurtso moralak botatzen genizkionean mehatxu egiten zigun: «Egun batean zigarroarekin ikusten bazaituztet…». Antzera ari gara telefono mugikorrarekin, baina kasu honetan gure seme-alabek edo gu baino gazteagoek esan beharko ligukete: «Gure aurrean telefonoa ateratzen baduzue…».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA