Onintza Enbeita

Sekretuak

2026ko otsailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure belaunaldiak ez zuen Franco ezagutu, baina normaltasunez jan ditugu harengandik jasotako zenbait gauza. Sekretu Ofizialen Legea, adibidez, normaltzat ikasi genuen fakultatean. Gu baino lehenagokoa izaki, betidanik izan den zerbait dela ulertu genuen. Orain, Franco diktadorea hil eta mende erdira, hark ezarritako Sekretu Ofizialen Legea bertan behera uztea aztertzen ari dira. Hau da diktaduratik inora ere ez ginela joan ulertzeko beste pista bat. Izan ere, Franco bizirik zela zein hura hil eta gero estatua tartean dela gertaturiko hainbat gauza daude oraindik ere sekretupean. Eta diot nik demokrazia ez ote den lau urtean behin botoa ematea baino zerbait gehiago.

Demokraziak gardena behar luke. Demokrazia edozein herritarrek gobernantzan parte hartzeko aukera zabaltzen duen sistema baldin bada, gauzak garbi, edo gutxienez argi, behar dira. Bestela, orain arte ikusi dugun moduan, elkarren alfonbrak astintzea izango da politika. Nik zurea astintzen dudanean gobernatu egingo dut eta zuk nirea astintzen duzunean gobernua kenduko didazu. Bitartean, hemen inork ez ditu botere faktikoak zalantzan jarri, eta batzuek zein besteek sekretupean gorde dituzte demokraziaren izenean egindako gauza terribleak. Paperek ez digute aspaldi susmatzen genuena baino esango, baina xehetasunek ez digute kalterik egingo errelatoa eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA