Lagunek esaten didate sare sozialek erakusten duten mundua ez dela erreala. Hori pentsatu nahi dut. Ikusi ditut lau hankako animalia bihurtu diren gizakiak, hipikako lehiaketak trapuzko zaldiekin egiten dituztenak, eta harritu egin naiz. Harritutik larritura kontsonante bat bakarra doala jakitun. Ez dut animalien kontrako tratu txarra jasaten, baina hipikako probak kentzea nahikoa dela iruditzen zait. Ez dugu zertan geure burua makila baten gainean saltoka jarri behar gure moduko beste hainbat animaliaren aurrean. Hala ere, bakoitzak aurkitzen ditu dibertitzeko bere moduak. Beren burua lau hankako animaliatzat dutenez ere ez dut esateko askorik. Akaso, pertsona askoren jokaera ikusita gauza normala izango da, baina oinez ibiltzetik lau hankan ibiltzera pauso sinboliko, psikologiko, pertsonal, fisiko eta emozional handiegia dagoela iruditzen zait.
Beste gauza bat da gu ez garen beste animaliak jateaz hausnartu egin behar dugula. Gu hala ez bagina legez, animalia deitzen ditugun horiek zertarako erabiltzen ditugun pentsatu egin behar dugula. Hitz egin dezagun horretaz, eta hitz egin dezagun beste animaliekin dugun harremana aldatzeak aldatuko lituzkeen gauza guztiez. Onez eta txarrez. Oraindik ere zoologiko eta Aquarium gehiegi daude. Ez ote du norbaitek preso har dezatela eskatuko hala dagoen animalia sentitzen delako.