Nire ahizpa zaharrenak ahizpa zaharrenak diren askok izaten duten sindrome bera du: atzetik etorri garenon kontrolerako beharra. Neba-arreba gazteagoak dituzten emakumeekin lan egin dudanean nire ahizparekin ari naizela iruditu zait beti. Ez dakit familia eredu oso sustraituak ditugun lekuetan bakarrik gertatzen den, ala orokorra den, baina irakurri dudanez, psikologian oso hedatua dagoen sindromea da ahizpa zaharrenarena. Nik ahizpa gazteenaren sindromea daukat, ordea. Askotan eskuetatik ihes egiten didate gauzek, kontrola galtzen dut, baina badakit dena konponduko dela. Azken batean, konpondu daitezkeen gauza gehienak konpondu egiten dira, eta asko zailtzen bada kontua, beti etorriko da lagunduko didan ahizpa zaharrago bat. Ardura batzuk ardurarik gabe hartzearen sindromea izan daiteke, edo gogor zapaldu ezin duzun lurretan edozelan ibiltzearena. Eta badira beste sindrome asko. Bakoitzak ditu bereak. Behin beste neska bati ikusi nion nire poltsa faboritoa: Hemen denok ditugu gure traumak eta mobidak.
Denborak erakutsi dit jaio garen ordenak, lekuak, familiak, hizkuntzak, etxeak… egiten gaituela, eta hortik eraikitzen ditugula gure traumak eta mobidak. Bakoitzak bereak, jakina. Maite dut hori pentsatzea. Lasaitu egiten bainau guztiok atzean zulo banarekin jaio garela pentsatzeak. Bakoitzak berea, baina denok bana.