Niri ondo iruditzen zait euskal artistek Madril konkistatu nahi izatea, BEC lehertzea, mundu birak egitea edo San Mames betetzea. Sold out-aren kulturan sartuta gaude garaiotan, eta nik beste zerbait nahiago nukeen arren, horrela dabil merkatua. Kontzertu handiak eta garestiak antolatzen dituzte, sarrerak salgai jarriko diren egunak iragartzen dituzte eta amaitu egiten dira guztiak. Eta jendea pantailei itsatsita bizi da: lanik izango duen, dibortziatuta egongo den, beste herri batean biziko den edo bizirik egongo den ez dakien urrutiko data baterako sarrerak karteran dituela. Nigaitik oso ondo, baina gehiago gustatzen zitzaidan gaztetxeko atean edo aretoko takillan sarrera erosi eta barrura sartzen ginen garaia. Talde gehiagok zeukaten arrakasta, edo aukera gehiago genituen gustatzen zitzaizkigun taldeak entzuteko. Ez da irudipen hutsa. Orain jendea joatearren joaten da kontzertuetara: han egon direla kontatzearren. Eta ez bazara pantailara begira bizi, zaila da zuzenekoetarako sarrerak harrapatzea.
Guztiok pentsatu behar genuke gauzak antolatzeko modu honetaz eta batez ere, laguntza publikoekin egiten dugunaz. Ez nago ematearen eta jasotzearen kontra, baina kopuru batzuk ondo justifikatu behar direla iruditzen zait. Izan ere, proiektu oso onei jartzen zaie sold out kartela administrazioko leihatiletan.