Sosa eman eta biltzera ohitu ginen txikitatik. Orain esaten digute militantzia krisian dagoela eta ez dakit zer. Lehen ere gure lagun guztiak ez ziren etortzen gu eramaten gintuzten lekuetara. Guk ez genuen aukeratzeko aukera handirik izan. Eramaten gintuzten sosa biltzeko antolatzen ziren ekitaldietara, eta, aspertu arren, hantxe irauten genuen. Joan ginen ikastolen aldeko festetara, joan ginen Korrikara oraingo jendetzarik joaten ez zenean, joan ginen presoen aldeko afarietara, euskarazko herri aldizkarien aldeko bertso saioetara, gazte mugimenduaren aldeko kontzertuetara, mugimendu feminista indartzeko poteora, presoei dirua biltzeko santa eskera, isunak ordaintzeko kantu afarira… erosi genituen bonu laguntzak fidantzak ordaintzeko, edan genuen maite genituenen alde topa egiten genuen bitartean, ordaindu genituen ogitarteko txarrak, egin genuen lo ur-putzuen erdian, eta borrokak maitasunetik eta pasiotik hainbeste sostengutik behar duela ikasi genuen.
Gaur Zarautzen bada sosa jaso eta emateko aukera. Guk eman eta Arostegiaren kontrako auzian zigortuek jaso. Izan ere, lurraren defentsaren borrokak beste borroken ezaugarriak baditu. Maitasunetik eta pasiotik behar du, baina sosetik ere bai. Ez borrokak inor aberastuko duelako, baina bai lurrarekin negozioa egin nahi dutenek ekonomikoki ere ito egin nahi gaituztelako.