Onintza Enbeita

Sostengua

2026ko ekainaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mari Sol arrautza kaja hutsa ekartzera etorri zen atzo. Datorren astean ez gordetzeko esan zidan, oporretara doala alabarekin. Aitak kafea ekarri zidan eta hura hartzen harrapatu ninduen Marisak, oporretatik iritsi berri. Ea zelan ibili den galdetu nion, eta «itzel» esan zidan. Maite eta Belen etorri zirenean hizketan nengoen dena ukitu eta ezer erosten ez duen batekin. Grazia egin zidaten zerura oinetako eta guzti sartuko naizela esan zidatenean. Egin zidaten erosketa zerrenda, eta kafea hartzera joan ziren asteleheneroko moduan. Eskatutakoaren bila etorri zirenerako Terek eta Marianek arrautzak jasoak zituzten, eta Estherrek animalientzako ogiak ekarri zizkidan. Kruzek eskaileretatik abisatu zidan arrautzarik ez gordetzeko, eta horrela, eguerdian Amaia heldu zenean oraindik baneuzkan. Batizek aste osoa pasatu ei du gure letxuga jaten: handiegiak eraman nituen pasa den astean. Eta asteon txikiak; baina Nahiak pozik eraman ditu bigunagoak direlako. Karmenek arrautza txikiak pozik hartu ditu handiak amaitu direnean: «Berdin daude onak». Begoña Bilbotik etorri zen lehenengo piperren bila: «Orain, badakizu, hamabostero etorriko naiz». 

Eta askoz gehiago: izeko Begoña, Idoia, Maite eta Josean, Mari Karmen, izeko Pili, Leire… eskerrik asko, mahaia erdi hutsik dagoenean ere erdi beteta ikusten duzuelako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE