Arrazolako elizpeko horma batean irakurri daitekeenez, Anbotopeko eliza horretan eman zen lehenengoz munduan meza euskaraz, 1959an. Ordura arte latinez edo gaztelaniaz izaten zen meza. Gero ere, ez ziren eliza guztiak batera euskaldundu. Gure gurasoak umeak zirenean, asko ziren oraindik latinezko mezak; baita errezoak ere. Pentsatzen dut gure aitona-amonek ez zutela ideiarik ere izango esaten ari zirenaren gainean, baina errepikapenaren errepikapenez ikasi egin zutela haienak ez ziren hizkuntzetan errezatzen. Orain, 2026an, Bilboko gotzainak esan du euskararen etorkizunaz hitz egiteak tentsioak sortzen dituela oraindik. Nik ulertzen dut gizon hauek ez daudela ohituta tentsiodun elkarrizketak izatera: abade direnetik dakite inork ez diela sermoian erreplikarik egingo. Horrek ohitura txarrak sortzen ditu, ordea, eta tentsioa sortzen duten gaiez ere berba egin behar da.
Bizkaian elizara joaten den jendearen zati handi batek jakingo du euskaraz. Beste zati bati ez zaio euskara arrotza izango, eta beste askok gure aitona-amonek latina ikasi zuten moduan ikasi dezakete euskaraz errezatzen. Ez dakit nahita egiten duten edo ez, baina irudipena dut tentsioak sortzen dituztenak elizako kargudunak izaten direla gurean, eta ez erabiltzen duten hizkuntzagatik. Ezta fedeagatik ere. Gehienetan haien ideologia izaten da arazoa.