Leku ederrak dira tabernak. Ez da ironia. Euritik babesten gaituzte, eguzkiak gogor jotzen duenean itzala eskaintzen digute, egarri bagara beti dago edan dezakegun zerbait, bakardadearen kontrako aterpe zabalak dira… Duela ez hainbeste urte, emakumeok ezin izaten ginen haietara sartu, baina gure belaunaldia tabernan hazi da. Gure bizitzen errepasoa egingo bagenu, oroitzapen askotan agertuko litzateke tabernaren bat. Edo taberna bera behin eta berriz. Azken urteotako joerak kezkatuta nauka, ordea. Tabernak edo taberna gehienei gehitu zaizkien terrazek itota naukate. Gurpil aulkian egin nuen bolada laburrean konturatu nintzen zein zaila den kale batzuk gurutzatzea hanka biak sano ez dituenarentzat. Orain, umearen aulkiarekin nabilela, muturrak okertzen ditut aulkiak, mahaiak, jendea eta jendearen hankak saihestu behar ditudanean. Ez dakit zertarako egiten dituzten oinezkoentzako kaleak eserita dagoen jendeak badu lehentasun osoa. Aldatu izena. Esan eseritakoentzat direla kaleak, eta kito. Horrela ez dugu inorekin eztabaidatuko presaz goazenean ezin badugu oinezkoentzako omen den kale batetik igaro.
Anarik kantatzen zuen beldurrak eta arrainak hazten direla hil arte, baina uste dut terrazek ere konpartitzen dutela etengabe hazteko joera hori. Ni bizi naizen herri bietan eta ondokoetan hala da behintzat.